lunes, 22 de enero de 2007





Autismoa: Metaforarik ulertzen ez duen mundua konprenitzen
Autismoa, gero eta ezagunagoa. Garuneko anormaltasun batzuen ondorioz bizitza ezberdin ikusten dute autistek; gero eta hobeto ezagutzen da arazoa.


Arantxa Iraola/Donostia

Autismoa burmuinean anormaltasun zehatz batzuek dituzten pertsonetan agertzen da, eta oro har, komunikatzeko eta gauza abstraktuak ulertzeko arazoak dakartza. Zenbait adituk diote, hein handi batean, autismoa metaforarik gabeko mundua dela. Izan ere, esanahi bikoitzak, hitz jolasak eta kontzeptu abstraktuak arrotz egiten zaizkie autistei, eta komunikatzeko arazoak izaten dituzte. Horrek izaera berezia ematen die. Sarri askotan ingurukoentzat ulergaitza eta mingarria. Arazoa gero eta ezagunagoa da, ordea, eta autisten eta beren senideen bizitza kalitatea gero eta hobea.

Urte askotan gaizki diagnostikatutako gaitza izan da autismoa. Garuneko beste zenbait atzerapen klaserekin batera agertzen da maiz, eta horiekin nahastu izan da sarritan, zarpail. Ondorioz, mito faltsu ugari eraiki dira autismoaren inguruan. Gehiegi.

Ondo ezagutzen ditu horiek Gipuzkoako Autismoa eta Garapenean Nahasketa Generalizatuak dituztenen Gurasoen Elkarteko (Gautena) zuzendari Ramon Barinagak. «Oro har, ezjakintasuna handia da», dio. «Jendeak ezer gutxi daki arazoari buruz».

Hala, beren elkartetik hezitzaile lana ere egin behar izaten dute maiz. Gizarteko mitoak hautsi eta autismoren errealitatea biluzten saiatzen dira, argi eta itzal guztiekin, arinkerietatik haratago. Ikuspuntu horretatik komunikazio eta gizarte ikaskuntzaren nahaste bat da autismoa, edozein familia eta gizarte mailan gerta daiteke —mila umetik batek izaten du, batez ere mutilek— eta sendabiderik gabea da. Hori da errealitatearen iluna, eta hala kontatzen dute. Argirik ez da falta, ordea. «Izan ere, heziketa eta tratamendu bereziarekin arazoa asko arintzen da».






No hay comentarios: